Poesia

Lurra bere erro gorrira

Karlos Linazasoro

2018

140

978-84-947263-5-4

BEGIAK ireki nahi ditut mundua zabaltzeko.
Ez da nahikoa begiratzea.
Ez da nahikoa begiratuan isilik egotea.
Beste zerbait behar da ikusteko,
zer garen munduan eta zer den mundua gugan,
zer zor ditugun eman zaigun guztiarengatik.
Soa urrun nahi dugu beti, begiz joak begiak,
ispilua ispiluaren kontra, garen osotasuna ikus dezagun,
eta barrurago ere bai, mehatxuraino kasik.
Parez pare jartzen gara munduaren aurrean,
ordu guztien kontra eta negarrez zirtzilduak,
ezinean ez ikusiarena eginez,
bagoazela aurrera betiko ibai aldakorrean,
bagoazela betiko erruki-nahi baten bila.
Begiratzeak ez du mundua egiten,
begiratzeak ez du ikustea bermatzen.
Beste zerbait da ikustea, beste argi baten zilarra,
gure begietatik harago dagoen misterio bat,
epifania baten xuxurla itzalia.
Ez dakigulako ikusten gara arbola eta mundu,
begiratzen dugulako gara tristuraren azken abereak.

Begien bistakoa, bihotz begien bistakoa dakarkigu berriro ere Karlos Linazasorok bere ohiko soiltasun eta malenkoniaz, baliabide ugari eta tonu sakonaren eskutik. Poeta heldu baten begirada bere lur umotutik naturara.