2020
124
978-84-121051-1-7
NORBERAK MAITE DUENA
Batzuek diotenez, zaldizko tropa bat da
lur ilunean dagoen gauzarik ederrena;
beste batzuentzat, berriz, infanteriazkoa;
eta besteen arabera, itsasontziena;
niretzat, ordea, norberak maite duena da.
Eta edonorentzat ulerterraza da;
izan ere, guztietan ederrena zen
Helena, ohore handiko senarra utzi
eta itsasontziz Troiara joan zen,
eta ez zen oroitu ez alabaz
ez guraso maiteez ere,
Ziprisek limurtu baitzuen.
Honek guztiak gogorarazi dit
Anaktoria orain ez dagoela nirekin, eta haren ibilera
[maitagarria
eta haren aurpegiko argi distiratsua
ikusi nahi nituzke,
lidiarren zalgurdiak baino lehen,
soldaduak gerrarako prest egon baino lehen.
Duela 2600 urte idatzi zituen Safok bere poemak, eta hala ere bizi-bizirik dago. Osorik poema bakarra heldu da guganaino; gainerakoa, pasarteak eta zatiak dira. Asko idatzi zuen Safok, baina, zoritxarrez, ia dena galdu egin da. Epika nagusi zen garaian, lirikari heldu zion Safok, eta leku zabala eskaini zion maitasunari. Nolanahi ere, maitasun lesbikoarekin lotu izan dugu Safo, baina hori baino harago doa oraindik. Maitasuna kolore askotakoa dela erakusten dute haren poemek, eta haren poesia ulertzeko behar-beharrezkoa da maitasuna bere zentzurik zabalenean ulertzeko prest egotea. Maitasuna edertasunarekin lotzen baitzuen Safok. Norbait maitatzen badugu, norbait hori ederra da. Ez dugu maite ederra delako, maite dugula da ederra. Maite López Las Heras itzultzaileak hitzaurrean dioen bezala, “Emakume batek konposaturiko poemak emakume izate hutsagatik beste ikuspegi batetik neurtzeari uzten diogunean, orduantxe iritsiko gara poesiaren edertasunaz benetan gozatzera. Olerkien edukia eta erritmoa egilearen generoari erreparatu gabe eta horrek berarekin dakartzan konnotazioak erabat baztertuz arnastea, horixe da poesiaren zinezko kutsua”.
Baina, era berean, Safo, kulturaren arloan, salbuespen aparta da: emakume baten benetako ahots batek bere desioa adierazten du inolako bitartekari maskulinorik gabe. Ez dago mendekotasun-zantzurik, ez literaturari dagokionez, ez bizitzari dagokionez. Fedra, Klitemnestra, Antigona, Hekuba, Kasandra, Medea, besteak beste, eszena tragiko atikoaren heroina liluragarriak izanik ere, gizonek sortuak izan ziren, gizonezkoen publiko bati zuzendurik, baina Saforen hitza berak beste inork berregin gabe datorkigu. Safok gorputzaren hizkuntza menderatzen du; beraz, emakumeei eta beren sexualitateari buruz hitz egiten duen emakumea da. Horregatik, Safok, autore bezala, arrangura ez nolanahikoa eragin zuen, horregatik asaldatu zituen akademia-munduko jendeak, horregatik leporatu zitzaion sasibiografia harrigarri bat, jasanezina baitzitzaien, nonbait, emakume batek gai horiei buruz hain goi-mailako literatura egitea, hain modu irekian gainera.
Ez da inoiz hiltzen edertasunari egiten dion kantua, edo berak zioen bezala, “eguzkiaren eta edertasunaren desira distiratsua”. Safo agorrezina da, bere hitz bakoitzak taupaka egiten du, kantuan ari da distiratsu Egeoko iparraldeko uharte urrun hartatik. Eta orain poema horiek euskaraz irakurtzeko aukera dugu.