2025
114
978-84-129292-4-9
ERREBAL ENTZEFALIKOAK
Gizakia gorroto duen antxeta bat naiz,
mahuka zikinez esnatzen dena,
goizaren zarakarretan hegan dabilena.
Atzo gorrotatzen hasi eta
biharamunean gorrotatzen jarraituko duena.
Nork ostu dio itsasoari izterretan zuena?
Kantauri gesala da,
zilarrezko paperetan bilduriko bekarra;
odol zaharretik jasoriko lizun berria.
Hondartzak, inurritegi haragijaleak.
Arrokak, zakatz transgenikodun piztiak.
Horregatik erauzi nahi dizkiet gizakiei begiak nik,
kristalinoaren kazoletan dituzten arrainak lapurtu
eta buruz behera eseki.
Silex harrizko erpinaren gaiztoa naiz,
lumak, gandu karbonikoaz erre zaizkiona.
Gorrotoa frogatu duen kortsario arnegatu beltza,
ozeanoak, film Gore baten begi-ertzez,
gainez gain azpiratzen dituena.
Apostolu soziopata bat naiz. Apostolua, bai. Eta soziopata.
Zeru guztietan kabitzen ez dena.
Ez dut gizakiaren urdin herrena ulertzen, eta
datorren udaberria,
amaren minaren neurriko errua izango da;
labe barrutik ezin atera diren
anis-erroskillak bezala,
zulo batetik bestera
gorde-gordeka arituko dena.
Antxeta bat naiz. Bat bakarra. Nire izenean ari naiz hizketan.
Baina ni bezalako asko daude; kolera berean jausiak,
atera ezinik den bizarraren infekzioa bezala.
Antxeta bat naizela diot, apostolua, soziopata,
heriotzak non-nahi galdu dituen arranbelei
gezi komantxeak josi dizkiedala.
Ez naiz atertuko.
Entzun ondo.
Gizakia gorroto duen antxeta bat naiz;
kiratsa eta pozoia,
hatzak tentakulu makabroz orlegitu zaizkiona.
Kea ikasi dut, beltza ere bai. Ke beltza ikasi dut,
eta mirariak boikotatzen.
Gustu handiz egingo dut segan,
desarrazoiaren
deabru dantza honetan;
segan
beste irtenbiderik ezean
noranzko biko
nazka hau
behingo batean
desegin arte.
Anatomia bertikalak minari buruzko poema-liburu gordina da, erraietatik idatzia eta irudi eta metafora harrigarriak barnebiltzen dituena. Liburu landua, iluna eta argitsua da aldi berean, sakona eta ausarta, mozorrorik gabekoa. Hainbatetan zuzentasun politikoari iskin egiten diona. Jostorratzak, ilargia, aingeruak, zaldiak, aldare torazikoak, Heimlich maniobra edota lore zitrikoak jartzen ditu dantzan ebakuntza-mahaiaren gainean. Ez ohiko liburua, inondik ere.