2021
58
978-84-121051-8-6
ARNASKARIARI
Pixka-pixka bat zoriontsuago zara
telebista errebobinatu daitekeenetik:
aukeramena, libertatea, netflix
(segi betetzen sinonimoen zerrenda).
Begiak ezin altxa eman dituzun garaietan
ez bazeunde legez, normal deritzozu
eskuan beti zerbait eduki behar gorriari
urrutiko agintea, dutxa-sagarra, labana bat
zeozer pisuduna, ez pisutsua
erorita ere istripu huts izango dena eta ez
zanpamendu erabatekoa.
Jendea multzoka abolitzen duen mundu honetan
ez zara oso berezia, dona-dona katona
multzo honetantxe egokitu zaizu
izateari uztea.
Eta makalaldiaren azkena makalaldia bera
baino beldurgarriagoa denez
eskerrak ematen dizkiozu gaur sofari
bihar sardexka-labanen tiradera zapalari.
Ez zaude oso hilda, soil-soilik hartu zaitu
gabetuen herren hotzilak,
tracy Chapmanen kantu batean
udazkena emateko abulia hunkituak.
Hipermerkatuko erdi prezioek jendea
erdi jende egiten duten moduan
aldi baterako espedienteek ere egiten dute
aldi baterako jendea.
Baina eta zer.
arnaskaria zara azken batean
eta arnasak oxidazioa dakar eta oxidazioak
ximeldura beltza bihar ez bada etzi
edo etzi ez bada bihar:
aldi baterako jendeak
ez du bereizten aldea.
Liburu honek DK IV. Poesia Saria eskuratu zuen. Lehiaketa hori 35 urtetik beherako gazteei zuzendua dago, eta fruitu asko ari da ematen, eta ahots berri eta interesgarriak plazaratzen. Ahots horietako bat da Maialen Berasategi. Indartsu dator gasteiztarra, lirika landu eta aldarrikatzaile baten eskutik. Irudimentsu eta iradokitzaile, emakumetasunari eta feminismoari buruzko begirada fresko eta berritzailea dakar, hizkera ezin bizi eta zainduagoan.