DK Poesia Saria

Arkeologia haragitan

Beñat Arruti Irigoien

2024

84

978-84-126681-7-9

NOVA ORBIS TERRARUM

nola liteke
dena irabazteko izan
eta dena galtzeko beldur hau

Itziar Ugarte Irizar. Etorkizuna

Gosari lorratzek orbainduriko
lau kikara beix

mahai gainetik bezperako ogi mami
sorta duina

kafeontzi italiar bat auhenka
goiz deskafeinatuan

Bi metroz goitiko leiho eskuzabaletatik
argi errainu oparoa

Basquiat-en margolan zolia okerka
gotele zurian

eta bandera ausart bat
balkoitik aldarrika

Hozkailuko erakusleihoan zintzilik
zazpi karentzi

hiru amorante mahai biribilaren
ezbai leunean

eta albo banatan lau gela
bete destorbu

iraultzeko bertan mundu txiki bati
merezi diogun konkista

Arkeologia haragitan poema-liburua aipuz eta irakurketaz ondo hornitua dator, eta trebeki uztartzen du gogoeta eta hizkuntzaren distira. Berezko erritmo eta musika darie poemei, aisa irristatzen dira irakurlearen begietan, eta lan handia dago doitze horren atzetik. Leku-ez leku kontzeptua lantzen du hainbat poematan, gainbehera eta maitasuna, poesiari eta hizkuntzari buruzko kezkak… Askotariko paisai eta giroak uztartzen doa, barnekoak zein kanpokoak, naturaren ingurukoak zein urbanoak. Hizkera hanpaturik gabe egiten du aurrera, leun baina zorrotz, argitasunez, eta, aldi berean, alde ilunen arrakalak bilatuz.