2026
74
978-84-129292-9-4
LAU PARETA II
Zure bizkarrarekin eginen dut
egurrezko ate zahar bat
exkardaz eta zure larruko zirtaz,
bakarrik etxekoek irekitzen dakitena.
Zure bularrean kozinatuko dut,
esnarri usaina har dezan
berotu dadin ekonomika gisan.
Zure begiak piztuko ditut,
laranja baten horiz pintatuko,
gela bakotxeko izkina
lotsatietan agertzeko.
Irungo dut zure azalarekin
sutondoko usaiaren tenperatura,
hartu eta uzten ez duen manta izateko,
izateko
udako sargorian tapatu gabe
lo egin ezin dudalako paratzen
dudan maindire freskoa.
Orduan
jakinen dut zer deitu etxe.
Lan koherentea eta orekatua da Honekin egin nahi duzuna, baina arriskurako joera ere erakusten du zenbait irudi eta joskeretan. Paisaiak eta naturak pisu handia hartzen dute bilduman, protagonista eta ahots propio bihurtzeraino. Gogoetatik eta begirada pausatutik abiatzen da sentikortasun handiz, eta intimotasunaren eta ingurunearen arteko tentsioa azaleratzen du, denbora eta gorputza bezalako gaietan maisuki sakonduz.