2021
142
978-84-121051-6-2
Baldin eta poesia idatzi behar dela erabakitzen bada, ez da eginkizuna presaka hartu behar, ez da hitzik idatzi edo ahoskatu behar sukarraren bulkadaz, ezta ekaitzarekiko liluraz ere, euria eta elurra, haizea eta bisutsa balekartza ere. Ez, lasai hartu behar da poesiaren zeregina. Kai bateko aulki batean eserita edo, aukeran, mendi goi eta urruneko belartzan etzanda bagaude, itxaron behar da hitzak noiz etorriko, txoriak balira bezala noiz habia egingo gure baitan, noiz kantatzen hasiko barnetik kanpora, iturri garbi eta indartsu bat balitz bezala kantaren jarioa. Hitzak berez kanporatuko dira, hartarako eginak badaude. Hitzek gauzak dituzte, eta gauzek hitzak, baina gauzek izen argi eta errazak dituztela dioenak bere burua du engainatzen, eta hitzak jantzi berriz ditu apaintzen. Hiztegian geratzen dira, azalean, hondora joateko ausardiarik gabe, hondoan mamuak bizi baitira, norberaren itzal desitxuratuak, norberaren infernuko irudiak
Poeta bezala nabarmendu da bereziki Juaristi, eta, oraingo honetan ere, poesiari lotura datorkigu, saiakera baten eskutik ordea. Gonbidapen alfabetiko bat egiten digu bere poesiaren geografiatik, egile kutunen aipuak eta gogoetak uztartuz: Akhmatova, Auden, Borges, Lizardi, Dante, Dylan Thomas, Walter Benjamin, Heidegger, Hölderlin, Ingebor Bachman, José Hierro, Kafka, Lukrezio, Rilke, Pascal, Montaigne, Stevenson, Sylvia Plath, Boris Vian…
Poesiari buruz hausnarrean ari da Azkoitian jaiotako poeta, urteek eta ofizioak ematen duten esku trebearekin eta berezkoa duen prosa poetikoarekin, baina, horrekin batera, gizakiaz ere ari da, gizatasunaz, askatasunaz, bizitzaz, identitateaz, infinituaz, heriotzaz, minaz… Ibilbide oparo baten dekantazioa da Itzultzeko etorri naiz, urte luzeetako langintzaren esperientzia.