Berriro igo nauzu
Hainbat egile
2022
117
978-84-123795-5-6
“Bada uste duenik hitza oieskeriaren aurka ez dela deus; baina ez da egia. Idaztea begiratzea bezalakoa da; besteengana hurbiltzea esan nahi du. Hitza deus ez da besteengana hurbiltzeko ahalegin ez bada, bestearen alde erantzuterik ez badu: hori baita “erantzukizun” hitzaren adiera. Hitza giza gabea da bestearenganako begiramena eta bestearekiko berdintasuna, goratu beharrean, bestearekiko ezberdintasuna aldarrikatzen duenean. Baina badira oieskeriaren aldeko diren hitzak, bestearen aurpegian giza aurpegia ikusteko
gauza ez baitira”.
“Zailtasunean Homerok troiar garaituak kareaz eta errautsez estali ordez, laudatzen ditu eta haien bertuteak kantatu eta goresten ditu. Are gizakiago erakusten dizkigu, eta Akiles eta priamo mahai berean esertzen ditu elkarren arteko bakea egin dezaten. Minean elkar ulertu eta bat egingo bagenu, bozkarioa egunen batean guregana iritsiko litzateke”.
2008An jarri ziren martxan “Poesia eta pentsamendua” jardunaldiak Donostian. Lau poeta izan ziren jardunaldi horien bultzatzaileak: Felipe Juaristi, Juan Ramon Makuso, Pello Otxoteko eta Aritz Gorrotxategi (gerora, 2017an, Balea zuria argitaletxea sortu zuten lau kideak, hain zuzen ere).
Lehen jardunaldi horiekin batera, arestian aipatu lau poeta antolatzaileek manifestu bat plazaratu zuten poesia eta pentsamendua gaiak ardatz hartuta. Geroztik, hamar manifestu gehiago kaleratu zituzten jardunaldien harira, hamaikara heldu arte. Zifra borobila euskaraz. Hamaika. Manifestu bakoitzarentzat Imanol Larrinaga margolari durangarrak margo bat egin zuen, eta jardunaldien kartelen irudiak ere berarenak dira. Dagoeneko 15 urte bete dituzte jardunaldiek, eta urteurrena baliatuz, oroigarri modura, liburu batean bildu dituzte manifestu guztiak elebitan, euskaraz zein gazteleraz, Juan Kruz Igerabideren hitzaurre batekin. Testu horietan hainbat kezka eta gogoeta daude, unibertsalak zein gaurkoagoak, baina erdigune nagusi bat dute: poesia. Poesia hitzen bitartez gorpuzten da, eta hitzek, beren bidea eginez, berarekin daramate poesia, erreka erdiko harkaitzak joz, baina, era berean, haiek bigunduz eta moldatuz. Poesia mundua moldatzen duen ura da, edo munduan bizi direnen azal eta hazpegiak itxuratzen dituen esku irekia, geure baitako iluntasuna arakatzen laguntzen digun zentzumena.