DK Poesia Saria

Aro Beilegia

Lizar Begoña

2020

64

978-8412105124

PLAZERAREN I. INPERIOA

Soldadu eta kolonizatzaile berriak
nor diren galdetu du.
Armekin ezpada ere,
ia nortzuk diren
lurraldeen okupatzaile berriak.

Nortzuk
hegaldi merkeen erosleak,
Marrakexen sushia
edo Nepalen hanburgesa jaten dutenak.

Nortzuk dira
nortasun baten bila
batek-daki-nondik-ekarritako arropekin
janzten direnak, Saharako desertuan
in english wi-fia eskatzen dutenak?

Gerra bestelakoa dela esan du,
soldadu berriak esporak moduan
planeta osotik hedatu direla,
euren buruen kontzientziarik gabe
ugaldu direla kolonizatzaileak,

eta horiek gu garela.

Aro beilegia liburu freskoa eta indartsua da. Kritika zuzena egiten dio gaur egungo gizarteari, sistema ekonomikoari, teknologiaren mendetasunari, geure berekoitasunari… Eta hori guztia poetikotasunari uko egin gabe, hizkera liriko ilun berezi batez. Gordina eta zuzena da askotan, baina badaki samurra izaten ere. Hotz utziko ez zaituen ahots gazte berri bat.