2019
242
978-84-121051-0-0
BANPIROAREN METAMORFOSIAK
Baina emakumeak ordea, ahoa mailuki,
sugea txingarretan bezala gorputza bihurki
eta gerruntze kontra bularrak zukututa kasi,
hitz hauek jalgi zituen, leun, musketaz nahasi:
“Nik, ezpain bustiez ohantzean, nik badakit nola
kontzientzia zaharra galdu ta bota zokora.
Bular harroez xukatzen ditut negarrak guztiak,
ezpain zaharretan jartzen ditut haurraren irriak.
Nik amatatzen ditut, biluzi nakusatenentzat,
ilargia, ekia, ortzia ta izarren kezkak!
Aizu, jakituntxo, ikasia nauzu ofizioz,
beharrik, gizona itotzeko besarka-bizioz,
nahiz bularretan ausikika lasai lagatzeko;
eta bular sendo ta herabe hauetan galtzeko
nire amoreagatik prest leudeke, ohe plazerez
kondena onartuz, aingeru inpotenteak ere!”
Hezur-muina tentuz zidanean erabat xurgatu,
ni, makal-makal, harengana nintzenean jiratu
muxu bat eman asmoz, ez nuen ikusi besterik:
zagi bat, lerdea zeriola ta zornaz beterik!
Begiak itxi nituen izuz, laborriz, ikaraz,
ta berriro biak zabaltzean argi bizitarantz,
nire alboan, denbora luzez hurrupa-odolez
ondo gizena behar zukeen panpinaren ordez,
eskeleto-puskak ari ziren klaska dardarizoz,
beren kabura garrasika lez, nola negu-giroz
haize-orratza, edo txapazko kartela gau batez
metal-gako batetik dilindan haizeen indarrez.
1857ko ekainaren 25ean kaleratu zen Les fleurs du mal, lehen edizioan. Mila eta hirurehun ale kaleratu zituzten, hiru franko bakoitza. Handik bi egunetara, Le Figaro egunkariak berriro ekin zion poetaren eta bere lanaren aurka, lehendik zetorren lehiari jarraiki. Ministerioak edizioaren bahiketa agindu zuen, baita egilea eta editoreak epaitzea ere. Baudelaireri hirurehun frankoko isuna ezarri zioten, eta editoreei ehun frankokoa, bakoitzari. Gainera, sei poema ezabatzeko agindu zuten. 1861eko otsailaren hasieran, bigarren edizioa kaleratu zuten. Patxi Apalategik edizio hori erabili du, hain zuzen ere, itzulpen lana burutzeko. Ezabatuak izan ziren sei poema haien ordez, hogeita hamabost berri eman ziren argitara, eta materiala beste era batera antolatu zuen editoreek.
Modernitatearen aurkako modernoa, aurrerapenaren aurkako aurrerazalea, kontraesanez jositako gizona, bizi izan zuen garaia bezalaxe, ez gehiago ez gutxiago, dandy bat, ispilu baten aurrean bezala bizi eta hil dena. “Mundu gaitz batean galdurik, jendetzaren artean harrapatua, gizon nekatu bat naiz; atzera begiratzen badut, urteen distantzian, desilusioa eta etsipena baino ez dut ikusten, eta, aurrean, ekaitza, ezer berririk ez, ez ezagutzarik ez minik”. Walter Benjaminen ustez, Europa osoan oihartzuna izan zuen azken obra lirikoa dugu Gaitzaren loreak. Benjaminentzat Baudelaire gizon malenkoniatsua zen, “bere izarrak urrundik dio deitzen, baina berak ez jarraitzen”. Baudelaireren zeruan izarrik ez, Baudelaireren munduan zerurik ez. Horra hor haren mina, haren gaitzaren mina.
Hauxe da poeta frantziarraren lana euskaraz osorik ematen den lehen aldia. Gertaera literario pozgarri baten aurrean gaude, zalantzarik gabe. Patxi Apalategik egin du itzulpena. Aurretik, Flauberten Madame Bovary eta beste hainbat lan itzuli ditu euskarara.