2025
504
978-84-129292-1-8
I. Kantua
Mila amarruko gizona, Musa, konta zadazu,
munduan ibili zena luzaro lekuz leku,
Troiako hiri santua zuenean urratu.
Gizon askoren hiriak ezagutu zituen,
haien ohiturak ikasi, bai eta bihotzean
asko neke ere sufritu pontoaren gainean,
lehian zebilela bere bizitza salbatzeko
eta lagunak etxera onik eramateko.
Ezin, nahi izanagatik, salbatu izan zituen:
Beren erruz galdu ziren, ero tristeak, zeren
Hiperion Eguzkiren behiak jan baitzituzten,
bai eta hark ere, orduan, itzul-eguna kendu.
Hori, partez behintzat, Musa, guri ere kontatu.
Iliada eta Odisearekin batera hasi zen greziar literatura, hau da, mendebaldeko literatur tradizioa. Bi epopeia luzeen konposizioa VIII. mendean koka daiteke. Odisearekin Homerok epikaren gaiak berritu zituen, gudu eta heriotza heroikoetan zentratzeari utzi, eta bidaia eta abenturak kontatzeari lotu zitzaion. Itzulera baten istorioa ere bada Odisea, eta ondotik etorritako itzuleren iturburua. Horrez gain, nortasunen kontakizuna ere bada Odisea.
Homeroren gizatasunak ez du lokarririk ez kortserik onartzen, eta horrek, dudarik gabe, asko handitzen du Odisearen interesa, zeren gizakia bai bere dimentsio historikoan –aldakorra–, bai bere azpi-azpiko mamian –aldaezina– aurkezten baitigu. Azken batez, Homeroren irakurketak bi gauza ematen dizkigu ikustera, txit jakingarriak biak: zenbateraino aldatu garen, eta zenbateraino ez garen batere aldatu.
Matías Múgicak (Iruñea, 1961) ekarri du euskerara, neurtitzetan itzulia. Hainbat literatur-lan itzulitakoa da; besteak beste, Louis-Ferdinand Celineren Gauaren muturrerainoko bidaia, Joseph Rothen Edale santuaren kondaira, Guy de Maupassanten Mari Gizen eta beste zenbait ipuin, Boccaccioren Dekameron: hamar ipuin, Goetheren Werther gaztearen arrangurak edota François Villonen Testamendua. Azken lan honengatik Euskadi Literatura Saria jaso zuen 2017an, itzulpengintza arloan.