Poesia

Oren hilak

Maite López Las Heras

2026

82

979-13-992143-1-4

BEGIRA,
ontzi horretan sartu ditut
apurka erori zaizkidan haragi-puskak
joan zinenez geroztik.
Gogoan ditut
eguzkiak bihotza berotzen zidan garaia,
elurterik existitzen ez zenekoa,
dena zen poz, dena laztan.
Ardoz busti genituen gorputz biluziak,
bata bestearenarekin mozkortzeko.
Agur esan diot
itzuliko ez den hegaztiari,
honezkero
ehizatuko zutelako
eta itzulerak beti ez direlako
desiragarriak.

Maitasunaren minaz, zauriez eta urruntzeaz abiatuta, orotariko gaiak jorratzen ditu Maite López Las Herasek bilduma honetan: denbora, desioa, bizitza, bakardadea… Estilo landuz eta hitzak tentuz aukeratuta, mundu klasikoa eta garaikidea jartzen ditu dantzan, elkarri eskutik helduta, gure baitan bizi diren piztiak bezatzeko asmoz.

Lan honek epaimahaiaren aipamen berezia jaso zuen Kutxa Fundazioak antolatutako Irun Literatura Sarietan, poesia modalitatean, 2025. urtean.