Itzulpena

Poetandreak literatura greko-latindarrean

Hainbat egile

2022

190

978-84-123795-7-0

BIDAIA BERTAN BEHERA

Ba al dakizu bidaia bertan behera geratu dela zure neskalagunaren
aldarte goibela dela eta?
Jadanik egon daiteke erroman zure urtebetetzean.
Ospa dezagun guztiok elkarrekin urtebetetze-egun hori,
orain ustekabean datorkizuna, espero gabe.

ZERINTO DESLEIALARI

Ederra da nitaz hainbesteraino fio izatea
non ziur baitzaude bat-batean estropezu txarto eginda,
[trakets, ez naizela eroriko.
Hobe duzu togarekin eta otarrea daraman emagalduarekin
kontuz ibiltzea, servioren alaba sulpiziarekin baino;
nitaz kezkatzen dira ni gizagaixo batekin oheratzea
nahigaberik gorentzat duten haiek.

Sulpizia Elegiagilea

Honako liburu honetan, Antzinaro Klasikoko hamaika mendeetan zehar guregana iritsi diren emakumeen testu eta testigantzak biltzen dira, Safotik hasi eta Fabia Akonia Paulinaraino, hogeita lau poetandre guztira. Bi hizkuntzatatik jasotako poemen itzulpenak daude, jatorriz grekoz zein latinez ondutakoak, hain zuzen. Bestalde, ez dira antologia honetan agertzen garai hartakoak bai, baina gai edo interes aldetik Antzinate Klasikoko benetako zentzutik urruntzen diren emakume sortzaileak, hainbat kristau poeta, esaterako.

Etimologiaren afera ez dagokio soilik hizkuntza erromantzeari. Grekoz ere ποιητής (poietés) hitzaren generoa maskulinoa da. Agian, beharrak jota edo, horregatik asmatu behar izan zuen gaztelaniak poetisa termino eztabaidagarria poesia idazten duten emakumeak izendatzeko. Hitzekin eta hitzez sortzen duten pertsonak daude, ποίησις (poíesis) egiten dutenak, sortu edo ontzen dutenak, guztiak pertsonak. Hortaz, bereizten hasita, emakume sortzaileak gazteleraz poetisa edo frantsesez poétesse izendapena hartzen badu, zilegi da hitzaren kreatzaile gizonezkoak jatorrizko hitzaren izendatzea bereganatzea. Sortzaile guztiak pertsonak direlako.

Alde horretatik, grekoz, sortzea bera femeninoa zen; sortzailea, aitzitik, maskulinoa. Agian ez zaio halabeharrari leporatu behar kreatzailea inspiratzen zuen musa emakumea izatea, gramatikari baizik. Arteak babesten zituzten bederatzi musak andrazkoak ziren, poesia bezala; hitzekin bertsoak josten zituztenak, berriz, gizonezkoak. Halarik ere, Platonek “hamargarren musa” izendatutako Safo bezala, bazeuden Antzinaroan musen arnasa hartu zuten emakumeak ere, Eratoren, Terpsikoreren edo Euterperen iturriaren zurrusta poetikotik edan zutenak.

Grekoa, gainera, hizkuntza aberatsa izaki, oparoa da emakume poeten izendapenean: citaroda (zitararen laguntzaz abesten zuen emakume poeta), poietria (emakume sortzailea), melopoios (andere poeta lirikoa)… Izen horien izateak, beraz, poesiaren jarduna femeninoa ere bazela argiro erakusten du.

Anbibalentziak, bestalde, joan-etorrikoa izan beharko luke hitzaren molde baten ala bestearen erabilerak inoren belarriak urratuko ez baditu. Alegia, poetisa gizona izan eta poeta emakumea, eta inor ez asaldatzea. Edo, zorionik gorena: poeta esan eta generoari erreparatu beharrik ez izatea. Oraina lehen gertatutakoaren ondorioa den heinean, orain emandako pausoek etorkizunean izango dute oihartzuna.

Amaitzeko, emakumeek ondutako poema sorta hau irakurleak egilearen generoari erreparatu gabe, edo, hobeto esanda, emakumeak direla ahaztu gabe baina horregatik irakurketa bereizlerik egiteke irakur dezan amesten du aspaldiko hitz haiek euskarara ekarri dituen itzultzaile apal honek.