DK Poesia Saria

Postal bat desertuan

Julen Apella Santamaria

2023

70

978-84-12668117

ATARI

Desegindako ohe bat eta pertsianak oraindik jaitsirik;
botila hutsak mahaian eta hautsontzi bat.
Telebista piztea, sare sozialak irekitzea,
atrebentziak izan litezke: gela bati aitortzea
kanpo mundu bat, bere burua berresteko,
hain zuzen, gela gisa. eta hozkailua irekiz ere,
haren egote hotz, iraunkorrak
marrazten zaitu, silueta lauso,
mugimendu gabe: zu zeu,
mugimendu zaren neurrian, haren aurkako.
Zeren eta hau ez baita negatiboki eraikitzen den
eszena bat baino: ez zarena izan zintezke, zarena
izango ez bazina. zerbaiten atarian zaude orain ere
eta atari hori bera zara zu: atari hori bera da
oraina.

Postal bat desertuan poema-bilduman ahots gazte baino sendo bat suma daiteke liburuaren atzetik, erreferentzia eta eragin ugari erakusten duena. Trebeki uztartzen ditu metaliteratura eta kritika soziala, hizkera landuz eta irudi iradokigarriak erabiliz, gogoetari bideak irekiz. Belaunaldi baten ahots gisa ere altxatzen da, baina aldarrikapena eta munduari modu kritikoan begiratzeko jarrera lirismoz lantzen du. Poema askotan bat egiten dute egunerokotasunaren ajeek eta paisaiak, eta liburuari osotasuna ematen dioten zenbait osagai baliatzen ditu: zapatak, oinak, bidea, hegoak, mugimendua, denbora, erlojuak…