2023
338
978-84-123795-9-4
MUINOA
Non dira Elmer, herman, Bert, Tom eta Charley,
non dira bihotz-eroria,
beso-indartsua, pailazoa, edalea, liskarzalea?
Denak lo daude, denak muinoan.
Bat sukarrak jota zendu zen,
bat meategian erreta,
bat liskar erdian jota hil zuten,
bat kartzelan geratu zitzaigun betiko,
bat zubi batetik erorita,
emazte eta seme-alabentzako lanean.
Denak lo daude, denak muinoan lo eta lo, muinoan lo.
Non dira Ella, Kate, Mag, Lizzie eta Edith,
non dira bihozbera, xaloa, builosoa, handiustea, dohatsua?
Denak lo daude, denak muinoan.
Bat lotsagarrizko erditzean hil zen,
bat ez nahitako amodioagatik,
bat putetxean, astakirten baten eskuetan,
bat harrotasuna galduta bihotzari men eginagatik,
bat, parisen eta Londonen bizi ondoren
sorterrira ekarri zuten, Ella eta kate eta Mag-en ondotxora…
Denak lo daude, denak muinoan lo eta lo, muinoan lo.
Non dira osaba Isaac eta izeba Emily,
eta Towny Kincaid xaharra eta Sevigny Houghton,
eta Walker alkatea, iraultza garaiko gizon agurgarriekin
hitz egiten zuena…
Denak lo daude, denak muinoan.
Gudan hildako semeak ekarri zizkieten
eta bizitzak zapuztutako alabak,
haien neska-mutilak, aitazurtz, negarrez…
Denak lo daude, denak muinoan lo eta lo, muinoan lo.
Non da Jones arrabitari xaharra,
bizitza jokoan jarri zuena laurogeita hamar urtez,
paparra bistan bisutsari erronka-joka,
zurrutean, sesioan, inoiz pentsatzeke emazte edo familian,
ezta urre, maitasun edo zeruan?
Hona hemen, hitz eta pitz aspaldiko parrandez,
Clary’s Grove-ko garai bateko zaldi lasterketez,
Abe Lincolnek aspaldi
Springfielden esan zuenaz.
XX. mendeko AEBetako poesiaren ikur handienetako bat da Edgar Lee Masters. Ogibidez abokatua, grebalari, langile eta sindikatuen defendatzailea izan zen, eta bere herrialdearen gorakada inperialistaz kezkatuta, argi eta garbi ikusi zuen aldaketa kultural baten beharra zuela. 1915ean eman zuen argitara ezagun egingo zuen poesia-bilduma, Spoon River Anthology, non alegiazko herri bateko hildako biztanleei ahotsa eman baitzien. Danteren hildakoak bezala, hilean bizitzan baino biziago daude Mastersen biztanleak, eta bere grina eta etsipenen berri ematen digute, ironia eta samurtasuna uztartuz. Idazleak liburuaren 19 edizio saldu zituen urte hartan, eta 1940an 70 edizio zituen liburuak. Bide luzea egin du geroztik, eta erabateko klasiko bihurtu da.
Edgar Lee Mastersek 24 urte zituen garai hartan, Chicagora iritsia zen kazetaritzaren munduan leku bat egiteko literaturarako sarbide gisa, eta hotel eta pentsioetan hartzen zuen ostatu. Kansasen (Garnett, 1869) jaio bazen ere, Lewistownetik zetorren, Belardi Handien eskualdeko Illinois hiritik. Eremu geografiko horretatik zetozen, halaber, Sherwood Anderson, Sinclair Lewis edota Theodor Dreiser.
Alain Lopez de Lacallek egin du edizio osoaren itzulpena euskaraz.