2021
106
978-84-123795-3-2
Ezin dut errekan urik edan
hor goraxeago badut iturritik.
Gogotik edaten dut errekan
iturritik datorkidala jakinik.
Edaten dut errekan,
edaten, iturritik,
baina ene barruak ongi daki
ez dutela inoiz aseko osoki
iturburuko ur biziek baizik.
Joxan Artze gure poeta esanguratsuenetariko eta maitatuenetako bat da. Gai ugari jorratu izan ditu, hala nola, herria eta geure kulturaren aitorpenari dagozkionak, naturaren oihartzunari buruzkoak, gizakiaren ñabardura ezberdinak, joera mistikokoak… Betiere hizkuntza dotore eta landu baten bidez, lerro bakoitzean argitasuna eta distira lortuz. Xume baina sakon.
Poeta izateaz gain, kantua ere menderatzen zuen, eta bien arteko talkan gure sustraien ttakun-ttakuna berreskuratu zuen. Nabaria da hori bere hitzetan eta bere hitz-jokoetan, non musikaltasuna eta erritmoa nagusi diren. Haren poesia keinuz, zehaztasunez eta apuntez josita dago. Aski ezagunak ditugu, halaber, Laboaren ahotsean ezagun egin ziren haren zenbait testu: Txoria txori, Maite ditut maite gure bazterrak… Zalantzarik gabe, gure kultur ondarean eta iruditerian luzerako geratuko da iltzatuta Artzeren langintza.
Joxanek ez zuen arimaren gaua ekarri gogora, ez egunsenti dizdizaria, ezta goizalba baino atseginagoa zen gau iluna ere; aitzitik, bere poemarik ederrenetako bat oparitu zigun lanbroa pausatuz, ilunpean distira baten bila. Horrexegatik, maite ditugu, maite ditut gure bazterrak lanbroak ezkutatzen dizkidanean, eta ezkutuko lanbro hori argitze aldera, egiaren sugar indartsua agertuko zaigu mistika berezi baten eskutik, «zer ezkutatzen duen ez didanean ikusten uzten; orduan hasten bainaiz, ezkutukoa, nire baitan pizten diren bazter miresgarriak, ikusten!»
Joxan Artzeren mistika ez dago bolumenaren hutsean, naturaren taupadan baizik, baita lurraren arnasan, eta zuhaitzen berotasunean ere. Sugar mistikoa errauts izoztua da, hotzetik eta ziurgabetasunetik elikatzen dena, eta halere, txori kantarien eta kimu loredunen egunsentia iragartzen du. giza jarrera hori da, gauari argi-burrunba handi bat ateratzen diona, iluntasunaren ilunpe lodia zeharkatutako argiak sortzen duen distira itzela bezalakoa.
Enborretik antologiak omenaldia egin nahi dio Usurbilen jaiotako poetari haren heriotzaren laugarren urteurrenean. Haren hitzak irakur ditzagun, bizitzaren oparia arnasten dugunean berau dastatuz. Gogoa argituko digu, pentsamendua zorroztu eta begirada poztasunez beteta utziko. Horrela iluntasuna nekez ager dakiguke; izan ere, argi handi edo ttiki batek, gela ilunena indarrez argitzen baitu.